XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aurtengo udabarrian, Kultur Kontseilaritzan arteari buruz egin behar izan neban lehen lanetariko bat, gerra ondoren Bermioko Batzokitik hango Ertzilla-torrera eroan eben Uzelayren obra handi bat berriz Batzokira itzultzeko jestioak egitea izan zan.

Eta igaro dogun azaroaren 24an, Bilboko Galeria Artetan, bere lanen erakusketa antologiazkoa idekieran euskaraz eta erdaraz agurtzeko berba batzuk egin nebazan Josemariren ohorez.

Orduan esan nebanetik zerbait hemen barriz gogoratu gura dot.

Joan zan mendean Regoyos, Guiard eta Guinea-rekin hasita, Antonio Maria Lekuonak Bilbon eukan pintura eskolaren inguruan artelarien iraultza piztu zan, eta Euskal Herriko pintoreak laga eben Madrid-eko San Fernando Akademiako bidea eta Paris-era jo eben.

Ondoko aldakuntzetan Paris-ko estilo barriak izango ziren hemengo artisten iturri.

Eta, gure mende honen lehen parte haretan ikaragarrizko mogimendua sortu zan Euskal Herriko artegintzan, batez be Bilbo inguru honetan.

Arte honen berezitasunak inpresionismo eta postinpresionismo giroak berakin ekarren argi, kolore eta teknika barriak zituan ezaugarri, eta hemen, hemengo semeak, bertako gaiak, gai herrikoiak oinarri.

Hortik sortu zan Euskal Herriko Artisten Elkartea, Bilbon bertan, eta horren inguruan Euskal Pinturaren Eskola deritzaiona.

Eskola hau hain diskutigarria bihurtu bazan be, inork ezin lei ukatu bere nortasuna eta bere egitekoa.

Eskola honetara errenditu zan D. Vazquez Diaz bera be eta hemendik eroan ebazan haize barriak Madrid-era.

Ekintza horretatik aldi barri bat sortu zan pinturagintzarentzat.

Bilbon ta Bilbotik sortua eta zabaldua, horren eraginetik Donostian Martiarenaren eskola, Nafarroan Zigarena eta Araban Maezturena (Lizarran urte askoan jardun bazan be, Arabako eraginak berari zor eutsan gehien).

Eragin guzti horren pintorerik berezietakoena eta famatuena Aurelio Arteta izan zan, baina aurrelarienetan Iturrino zan buruetako bat.

Regoyos-ek inpresionismoa ekarri eban lez, Iturrinok fauvismo arekin era barrituaz.

Arrue anaiak, Zubiaurre anaiak eta beste pintore aipagarri asko sortu ziran mugimendu haren inguruan.

Guztiak joera barrietatik zetozen, kolorez eta gaiez ber bertako joerak sortuaz.

Baziran gaiaren aldetik gehiago arduratu ziranak, beste batzuk pintatzeko eraz gehiago arduratu ziran lez.

Pintatzeko eraz gehiago arduratu ziranen artean, fauvismoaren eraginetik abiatu ziranak ditugu.

Bide hau lehenengo hartu ebana Iturrino izan zan.

Izan be, Henri Matisse-ren laguna izan zan.